komentua
santo domingo
Predikarien Ordenaren Santo Domingo komentua Nafarroako errege Teobaldo II.ak eraiki zuen, 1528an. Erregeak berak hala eskaturik, Gazolazko apezpiku Petri Ximenezek Ordenari emandako orube baten gainean eraikia dago. 1270ean, aipatu erregeak 20.000 sueldo utzi zituen bere testamentuan, eta horiekin eraiki ziren eliza, sakristia, kapitulu-gela, erizaindegia, solastokia, sukaldea, ostatua eta logelak. Urte batzuk berantago, Nuño Gonzalez de Lara noble gaztelarraren laguntzarekin, fraideek nabe bakarreko jantoki handia eraiki zuten, baita upeltegia, atezaindegia eta klaustroaren zati bat ere.
1577an, Ordenak eskatu zion erresumari lurrak eman ziezazkion, komunitatea arras pobrea baitzen eta hiriari zerbitzu handia ematen baitzion. Komentuaren jarduerak 1809ra arte iraun zuen, urte hartan pairatu baitzituen Independentziaren Gerraren ondorioak. 1839an, Mendizabalen desamortizazioaren karietara, behin betiko abandonatu eta hondatzen hasi zen. 1906an, Lizarrako Udalak ez zuen utzi komentuko hondakinetako harriak berrerabil zitzaten militarren kuartela eraikitzeko.
1962an, komentua berrantolatu zen, elizaren estalkia eta eraikin batzuk zaharberritu ondoren. 1970ean, fraideek utzi egin zuten komentua. 1981ean, eraberritu eta zaharren egoitza ireki zen.
Eraikin hau da gotikoaren lehenbiziko adierazpena Lizarran. Multzo soil baina bikain honen aretoak klaustroaren inguruan eratzen dira. Oin errektangularreko eta nabe bakarreko elizak burualde laua du, eta trazeria gotikoko leiho handi bat. Elizaren barnealdean hilobi gotiko batzuk daude, eta kanpoaldean horma-bular indartsuak nabarmentzen dira. Aurrealde nagusian idi-begi bat dago eta bi armarri, Nafarroako ikurrarekin eta hamasei puntako izarrarekin.