jauregia
nafarroako errege-erreginen
Nafarroako izaera zibileko eraikin erromaniko nagusia da, XII. mendekoa, hain segur. Merkataritza-lonja izan omen zen, Erdi Aroko dokumentazioan «pórtico de San Martín» (San Martingo ataria) izenarekin agertzen dena. Iratxeko monasterioarena zen, eta barnealdean denda batzuk zeuden. Garai hartan, eraikinak lau arkutako ataria omen zuen, eta goiko solairu bat lau arkutxotako jauregi-leihoekin. XVII. mendean, zabalkuntza bat egin zen, adreiluzkoa, nafar-aragoiar estilo barrokoan.
XV. mendean, Cortesko Markesen esku gelditu zen; markes horiek Nafarroako errege-familiakoak ziren, eta Nafarroako Mariskalen kargua zuten; XVIII. mendean, Egako Granadako dukeen titulua jaso zuten.
1868tik 1941era, kartzela gisa erabili zen. Presondegi hartatik ihes egin zuen Pio Barojaren Zalacain el Aventurero nobelaren protagonistak. Eta 1936ko kolpe militarraren ondoren, hiriko auzokide asko sartu zituzten bertan, horien artean, Fortunato Agirre; gero, bertze atxilotu batzuekin batera, bertatik atera eta fusilatu egin zituzten.
Artearen ikuspuntutik, biziki inportanteak dira fatxadaren saihetsetako zutabeetan dauden bi kapitelak. Ezkerrekoan, Errolan eta Ferragut erraldoiaren arteko borroka ageri da, zeinetan zaldun kristauak erraldoiaren puntu ahul bakarra zeharkatzen baitu lantzarekin, zilborra. Orreagako batailako balentriaren oroimenez egin zen, eta lotura handia du Donejakue Bidearekin. Eskuineko kapitelean, hainbat grina gaiztoren irudikatze sinbolikoak daude: harrokeria (asto bat harpa jotzen), xuhurkeria (bi kondenatu lepoan poltsa bana dutenak), eta lizunkeria (emakume bat sugeak bularretatik zintzilik dituena).
Herritarrek «Nafarroako Errege-erreginen» jauregia deitzen badiote ere, ez da sekula dokumentatu ahal izan Nafarroako monarken egonaldia eraikin honetan. Gaur egun, Gustavo de Maeztu Museoa hartzen du bere baitan.