san migel
eliza
XII. mendearen hondar laurdenean hasi zen eraikitzen, baina XVIII. mendera arte iraun zuten eraikuntza lanek. «La Mota» izeneko malkar harritsu baten gainean dago kokatua, gotorleku itxura ematen diona. Eliza honen inguruan sortu zen San Migel burgua, eta haren aitzinean egiten zen ortzegunero merkatua; gaur egun, merkatu hori hurbileko plaza batean egiten da.
Elizak hiru nabeko oinplanoa dauka, hiru abside dituen burualde erromanikoa kanpoaldean, eta bi gehiago barnealdean. Saihetsetako nabeek gurutze-gangak dituzte (XIV. m.), eta erdikoak estilo gotikoko izar-gangak (XVI. m.)
Ipar-atariko multzo eskultorikoa (1187-1192) erromaniko berantiarraren harribitxietako bat da, eta zenbait artistak parte hartu zuten, programa ikonografiko konplexu bati jarraikiz. Aurrealdeak dekorazio figuratiboa duten puntu erdiko bost arkibolta ditu. Euskarri gisa, zutabe batzuk dituzte, eta horien kapiteletan Jesusen haurtzaroa kontatzen da. Tinpanoan Kristo Errege ageri da, tetramorfoak inguraturik (lau ebanjelarien irudikapena), Ama Birjinaren eta San Joanen ondoan.
Aurrealdearen saihets banatan, kalitate bikaineko bi erliebe daude, gotikoaren iragarle: ezkerrean, Mikel arkanjelua dago deabrua garaitzen ari dela, eta aldi berean arimak pisatzen Azken Judizioan; eskuinaldean, Hiru Mariak daude, Kristoren pizkundearen ikur den hilobi hutsa bisitatzen. Erliebe horien gainean, apostoluak daude.
Barnealdean, erretaula nagusia nabarmentzen da —estilo barrokokoa, erdialdeko San Migel irudi gotikoa izan ezik—, eta Santa Elenaren (1416) eta San Gregorioren Mezaren erretaulak, zeinetan dohaintza-emaileak ageri baitira, burguko itzal handiko familietako kide zirenak.
Kanpoaldean, XIV. mendeko dorre gotiko bat nabarmentzen da, zeinetan San Jorgeren kapera baitago.