zubia

kartzelako

Erdi Aroan «puente de las Berças» erraten zioten, eta San Martin eta San Migel burguak lotzen zituen. San Martingo frankoek erromesekin egiten zen eguneroko merkatuaren monopolioa zutenez, zubia zeharkatzeak ekartzen zuen Foruak emaniko pribilegioek babesturiko eremutik ateratzea. Hori zela eta, zubia halako muga bat zen, eta zorrozki banatzen zituen merkataritza arloan lege ezberdinak zituzten bi burguak.

Zubiaren sarreran oraino zutik dirauen harri handiko murru gezileihoduna hirian dagoen zaharrenetariko bat omen da. Harresiko zati bat zen, San Martingo lehen burgua ixten zuena, Donejakue Bidearen sarreran. Burgu honen garapen ekonomikoak zabaltze bat ekarri zuen: El Borc Nuel (Auzo Berria), Donejakue Bidea herrian sartzen zen norabidean; hori zela eta, zubiaren ondoan zeuden ateak eta harresiak galdu egin zuten hasmentan zuten betekizuna.

XII. mendearen inguruan eraikitako antzinako «de las Berças» zubia erromanikoa zen, eta erdi-puntuko arku bakarrean bermatzen zen. Geroago, Kartzelako zubia deitu zioten, denbora batez zubiaren ondoan hiriko kartzela egon baitzen.

1873an, bigarren karlistaldian, Ramon Nouvillas jeneral liberalak zubiaren leherketa agindu zuen, hirian karlisten sarrera oztopatzeko. Eraispen agindua indargabetua gelditu zen, baina kronikek kontatzen dute ezen, zubia errespetatzeko agindua heldu zelarik, eta emakume karlisten irriek hartaraturik, zulatzaile liberalek ez zutela agindua bete, eta lehertu egin zutela zubia. XX. mendeko 70etan zaharberritu zen, Pons Sorolla arkitektoaren planoei jarraikiz.