eliza
hilobi santuaren
Eraikuntza erromanikoa XII. mendeko azken herenean hasi zen, lehenago zegoen eliza txiki baten gainean, eta hiru nabeko eraikina zen, abside erdizirkularra zuena Ebanjelioaren nabean. XIV. mendean, gotikoaren barnean, lan gehiago egin ziren: pentagono-absideak erdiko nabean eta Epistolakoan, eta portada ederra. 1821ean, eraikinaren zatirik handiena lurreratzeko zorian zen; orduan, Ebanjelioaren nabea gaitu zen eta gainerako biak desarmatu eta horien materialak saldu ziren. 1881ean, parrokiako populazio urria zela eta, bertan behera utzi eta San Pedro Ruakoak bereganatu zuen.
Portada gotiko handia 1340 inguruan eraiki zen. Beheitiko aldean, saihets banatan, Santiagoren eta apezpiku baten eskultura exentuak daude. Goitiko aldean, arkutxo galeria bat dago, eta beren horma-hobietan, apostoluak. Portada xaranbeldua kapitel luze eta apaindu baten gainean bermatzen diren hamabi arkibolta zorrotzek osatzen dute.
Tinpanoa hiru erregistro horizontaletan banatzen da, eta bertan Kristoren Heriotza eta Pizkundea kontatzen dira. Narrazioa azpiko bandan hasten da, Azken Afariarekin, eta pertsonaien simetria zorrotz-zorrotza da, San Joanek bakarrik aldatzen duena, Jesusen gainean etzana baitago. Mahaiaren perspektiba nabarmentzen da, baxera ikusteko aukera ematen baitu. Kontaketak tinpanoen goiko erregistroan jarraitzen du. Bertan gailentzen dira Maria, San Joan, soldaduak eta saihetsetako ebasleak. Narrazioa erdiko erregistroan bukatzen da. Hiru eszena daude ezkerretik eskuinera: lehenbizikoan, ikusten da hiru Mariek hilobira egindako bisita; erdikoan, Jesusen infernurako jaitsiera ageri da; eta hirugarrenean, Jesus berpiztua Maria Magdalenari agertu zitzaioneko pasartea. Ateburuaren azpian, mentsula baten gisara, ustez juduak diren bi irudi ageri dira.