jauregia

san cristobaldarren

1540 eta 1550 urteen artean eraikitako jauregia da, eta XVI. mendean hirian zen karrika nagusian kokatzen da, San Pedroko Rua Nagusian, zeinetatik Donejakue Bidea iragaten baita.

Diego San Cristobalek agindu zuen jauregia eraikitzea: merkatari gogotsua eta negozio-gizona zen, Lizarrako Udaletxean kargu ugari izan zituena. Etxe honetan bere semea jaio zen, Diego San Cristobal Cruzat (1524-1578), Frai Diego Lizarrakoa izenez ezagutua, frantziskotarra, predikaria Espainiako Felipe II.aren gortean eta entzute handiko idazle aszetikoa, bere garaian ospe handia lortu zuen Tratado de la vanidad del mundo obraren egilea; baina bertze lan batzuk ere idatzi zituen, etsenplutako, Cien meditaciones devotísimas del amor de Dios eta Comentarios al evangelio de san Lucas, azken obra horrengatik Inkisizioak auzipetu egin zuen.

Errenazimentuko harribitxia den jauregiak fatxada ederra du, oinaldea harrizkoa, eta horman adreilua da nagusi, non bereziki nabarmentzen den dekorazio bat zeinak elementu begetal eta heraldikoekin loturik ageri diren gruteskoak, giza irudiak eta haur irudiak baititu, sarbidearen atean eta pisu noblearen bi balkoietan ikusten den gisan. Ezkerraldeko balkoian, frisoa nabarmentzen da, zeinetan Herkules mitikoak egin behar zituen hamabi lanetatik lau erakusten baitira. Herkules elite humanistaren erdijainko ospetsua zen, eta Austriar Etxearen ikurra, errenazimentuko gizon guztien eredua, bertutearen bidez hilezkortasuna erdiesteko.

Barnealdean, errenazimentuko edozein etxetan ohikoa zen patio errektangularra dago, bi solairutakoa, eta lau galerietarik hiru zutabedunak dira. Laugarrena adreiluzko murruak ixten du, bi oinetan irekia dago lau leihorekin, eta leiho horien markoak ausarki apaindurik daude garezur, girlanda, maskara eta kerubinekin.

Gaur egun hiriko Kultur Etxea da.

"Hemen jaio zen Diego de San Cristobal Cruzat (1524-1578), Fray Diego de Estella gisa ezaguna, Frantziskotarra, Felipe IIren korteetan predikatzaile eta askotan austerotasun idazlea."