jauregia
gobernadorearen
Jauregi barrokoa, 1608 eta 1613 urteen artean eraikia. Juan Etxabarri Larrainek eraikiarazi zuen, XVI. eta XVII. mendeetan botere handiko Lizarrako familia bateko kidea zenak. Juan Etxabarri aldizka Lizarran, aldizka Austriarren gortean bizi zen. Lizarran, Justizia eta Merio karguetan jardun zuen, eta Madrilgo gortean, Errege Kontseiluko kidea eta Gurutzada Santuaren kontalaria izan zen. Bere dohainei esker, aberastasun handia bereganatu zuen, eta goi-goiko maila erdietsi zuen gizartean. 1609an, Espainiako Felipe III.ak Purroyko baroi titulua eman zion.
Eraikinaren proiektua Juan Gomez de Morarena izan omen zen, Juan Etxabarriren eta Lermako dukearen arteko harremana estua baitzen, eta dukearentzat proiektu aunitzetan lan egin baitzuen Gomez de Morak.
Eraikina bere horizontaltasunarengatik nabarmentzen da. Fatxadak Estellerrian ezohikoak diren ezaugarri arkitektonikoak ditu, eta horren etsenplu dira harriaren eta adreiluaren arteko elkarketa, Austriarren Madrilgo jauregiekin lotura ematen diona. Hiru armarri dira apaingarri bakarra: erdikoan, Juan Etxabarriren armak; horren eskuinean, haren semearenak; eta ezkerrekoan, bigarren emaztearenak.
Barnealdea bi pisuko oinplano karratuko patio dotorearen inguruan antolatua dago; patioaren alde bakoitzak hiru arku ditu, eta horien euskarri harri monolitikoaren toskanar ordenaren zutabeak; bigarren solairuko karel bakoitza apaintzen da kartela gaineko armarri obalatuarekin, Etxabarritarren armekin: izar bat.